Hiru urte besterik ez nituela hasi nintzen ikastolan, eta
bertan, gaur egun nire bizitzan ezinbestekoak izango ez zirela uste nuen
pertsonak ezagutu nituen. Orain pentsatzen jarrita oso oker nengoela ikusi dut.
Hasieran, bai niretzat eta bai haientzat ere oso leku
arrotza zen ikastola, baina elkar lagunduz azkenean sentimendu, momentu,
bizipen eta une asko bizi izan genituen lekua bilakatu zen. Bai onak eta baita
txarrak ere noski, baina azkenean oroitzapen goxo bezala gordetzen dituzunak.
Poliki-poliki, familia bat osatzera iritsi ginen, eta
oraindik ere lagun izaten jarraitzen dugu, izanik, maitagarria dena betirako
maitatzen baita.
IPUINAK
Gure ikastolan, Urtxintxa proiektua erabiltzen da Haur
Hezkuntzan. Nahiz eta argazkian agertzen direnak soilik aurkitu ditudan etxean,
askoz gehiago izaten genituen. Urtean zehar gai ezberdinak lantzen genituen,
eta gai bakoitzeko ipuin bat edukitzen genuen. Irakasleak klasean irakurri,
landu, eta gero, etxera eramaten genuena.
Nire etxean beti izan da Arroxaliren
ipuina gustukoena, oraindik ere, amak batzuetan kanta abestu ere egiten du,
ikastolatik etxera nire anaia eta ni iristen ginen bakoitzean egiten zuen
modura.
IRTEERAK
Haur Hezkuntzako
irteera garrantzitsuenak lekuren batera egun pasa joaten ginenekoak izaten
ziren. Hain ongi pasatzen genituen horiek eta hain probetxuzkoak ziren horiek;
ongi pasatzeaz aparte, gauza asko ikasten baikenituen.
Nahiz eta txikitan
gorroto nuen gurasoengandik banantzea, irakasleek eta gelakideek beti familia
giroa errepresentatzen zutenez, ez zitzaidan oso gogorra egiten. Nahiz eta esan
beharra dagoen negar saio ederrak ere egin izan nituela. Hala ere, azkenean
gustora egoten ginen “handiarenak” egiten barre artean.
IZEBA TXI
Gogoan dut garai hartan ostiralero baserrian egiten nuela lo, izugarri gustatzen zitzaidan bertan amona, aitona eta izebarekin bazter guztiak nahastea. Gaua iristen zen unean, izebarekin joaten nintzen lotara. Gauero kontatzen zidan berak asmatutako ipuin goxoren bat, magikoa zen niretzat. Lo egin ezinik, beldurra edo horrelako sentsazio arraro bat nuenean, ipuin txiki baina aldi berean handi horiek asko laguntzen zidaten. Pixka bat nostalgiko jarrita gainera, batzuetan une horiek faltan botatzen ditudala aitortu behar dut. Eta nola ez, asko diodala eskertzeko onartu behar dut lotarakoan neuzkan beldur horiek desagerrarazi baitzizkidan, guztiz autonomo izatera ikasi nuen arte.
IÑAUTERIAK
Iñauteriak ere iristen dira urtean behin, eta orduan ere
oraingo ilusio berarekin edo handiagoarekin itxaroten genituen. Ospakizuna beti
ostiral batez ospatzen genuen: goizean desfilea, hau da, Haur Hezkuntzatik
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara arteko guztiak herritik zehar bakoitza bere
mozorroa jantzita ibilbide bat egitea; eta arratsaldean emanaldia, ikastolako
anfiteatroan zikloka bakoitzak eginiko dantza egitera. Gaur egun oraindik ere
gainera, hala egiten jarraitzen dute.
LANAK
Lehengo batean nire gelako apalak txukuntzen nenbilela lan hauxe aurkitu nuen. Orain tontakeria hutsa iruditzen bazait ere, bost urtekoen gelan nengoela izugarrizko lana egin behar nuela iruditzen zitzaidan.
Esan bezala, bost urtekoen gelan ginen jada, Haur Hezkuntzako azken urtean, juxtu-juxtu irakurtzen eta idazten ikasi genuen momento hartan. Irakasleak guri eta gure familiari buruz idazteko eskatu zigun etxean, gurasoen laguntzaz, eta irudian ikusten duzuen fitxa bana eman zigun bakoitzari. Hurrengo urtean Lehen Hezkuntzara pasatuko ginelako jartzen du fitxan "agur lagun!", gure ikastolan Urtxintxa proiektua erabiltzen baita eta soilik haur hezkuntzakoa baita.
Orain ikusiz gero, hitz solteetako lan soil bat da, baina momento hartan ikaragarrizko erronka izan
zen gu guztiontzat.
OROITZAPENEN JAIALDIA
Kasualitateak kasualitate, aurten nire Ikastolak, Haurtzarok, 50. urteurrena ospatzen zuen, eta horretarako, maiatzak 6an izugarrizko eguna antolatu zuen. Eta bai orain bertan ikasten ari diren ikasleentzat, eta baita ikasle ohi guztiontzat ere, oso egun espeziala izan zen. Goiz goizetik antolatu zituzten ekitaldiak, eta dudarik gabe bertan egon zen niri behintzat emozio gehien sorrarazi zidan momentua.
Jantokiaren gainean dagoen gela osotik zehar, Ikastolan egon ziren lehen ikasleetatik aurtengo ikasturtera arte dauden ikasleen argazkiak zeuden paretean itsatsita. Eta urteak pasatu ahala biltzen joan ziren argazkiekin eginiko bideoa zegoen ikusgai. Oroitzapen magikoak etorri zitzaizkidan gogora, eta hortik izena Oroitzapenen jaialdia.

